Higiene eta osasun arauek ezartzen dituzten baldintzak gainezka egin diezazkigukete. Hala ere, kontuan hartu zuen jantokian horretaz arduratzen diren eragileek (jantokiko langileek eta arduradunak) horiek betetzen dituztela dagoeneko; beraz, gai horretan ia ez dugu esku hartu behar.
TALDE ERAGILEAREN ETA OSASUN SAILAREN ARTEKO HARREMANA
Eskola jantokiko kudeakidetzarako prozesuan, talde eragileak eskualde horretako osasun arloko agintariekin harremana izan beharko du. Harreman horretan, jantokiaren higiene eta osasun alderdiak ikuskatuko dituen teknikaria ezagutuko dugu eta egiten ari garen prozesuaz informatu beharko dugu. Bestalde, ondorengo hauek bete behar dituzten higiene eta osasun baldintzei buruzko informazioa eskatuko diogu:

Ikastetxean aldez aurretik catering enpresa batek kudeatutako sukaldea izatekotan: Ez dago zertan aldaketa handirik izan. Osasun sailetik teknikari bat bidaliko dute instalazioak ikuskatu ditzan eta dagoen dokumentazioa azter dezan. Inolako aldaketarik egin behar badugu teknikariak horri buruz informatuko gaitu. Adibidez, menu berriekin batera janaria prestatzeko teknikak aldatzen badira, agian ekipamenduren bat edo funtzionamendu jarraibideren bat aldatu beharko dugu.
Jantokiko langileek eta arduradunak funtzionamendurako jarraibideak betetzeko ardura dute, ikasleek jaten dituzten elikagaiak osasungarriak eta kalitate onekoak direla bermatuz. Era berean, zuzendaritzak eta OOGak, ikastetxeetako arduradun nagusiak diren heinean, instalazioei eta lan praktika zuzenei buruzko informazio nahikoa izan behar dute eta horiek ikuskatu behar dituzte zerbitzuaren aurretik, bitartean eta ondoren.