Martxan jarriko duzuen prozesuak ez du arrakastarik izango pertsona gutxi batzuen edo kolektibo bakar baten sostengua besterik ez badu. Izan ere, jantokiaren kudeaketa aldatu nahi badugu jokatzeko modu berrien alde egin behar dugu.

Honako hau da gure proposamena: elkarlana, elkar ezagutzean, elkartasunean, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta. Agian, horrek epe laburrean ahalegin handiagoa eskatzen duela irudituko zaizue, baina epe luzean askoz aberasgarriagoa eta iraunkorra izango da. Gainera, modu horretan honako hau lortuko dugu:

 

  • Hezkuntza-komunitatearen hitza eta iritzia aintzat hartua izatea eta jantoki eredua bere irizpideen, eskakizunen eta inplikazio mailaren araberakoa izatea.
  • Zuek elkarrekin sentsibilizatzeko, komunikatzeko eta politikan eragiteko duzuen gaitasuna indartzea, baita betekizun eta lan karga desberdinak arrazoizko modu batean hartzea.
  • Ikastetxearen eta ingurunearen artean benetako hurbiltasuna sortzea, batez ere, inguruko elikagai ekoizleei dagokienez.
  • Jantokiaren heziketa dimentsioa txertatzea eta sustatzea eta komunitate osoaren zeharkako lana sustatzea hori lortzeko.
  • Lan baldintza duinak eta bidezko harreman ekonomikoak sustatzea, tartean dauden pertsona guztientzat, baita edozein familiak zerbitzurako sarbide egokia izatea ere.

Hainbat pertsonak eta kolektibok, modu batera edo bestera, jantokiarekiko harremana dute. Beraz, horien ekarpen guztiak beharrezkoak dira eta prozesua eta emaitzak aberastuko dituzte.

  • Familiak
  • Guraso elkartea
  • Klaustroa/jantokiko arduraduna
  • Ikasleak
  • Espezialistak: nutrizioan, tokiko lehen sektorean, agroekologian, higiene eta elikadura segurtasunean, etab.
  • Elikagai hornitzaileak diren kolektiboak eta pertsonak
  • Jantokiko langileak: sukaldekoak edo officekoak, begiraleak
  • Jantokiko batzordea (oraindik ez badago, hura sortzea gomendatzen dizuegu)
  • OOGa edo Eskola kontseilua
  • Gizarte erakundeak eta antzeko izaera duten enpresak
  • Administrazio publikoak

Hala, eragile horien artean, zenbait pertsonak talde eragile bat sortu beharko dute, hori prozesua abiatzeko ezinbestekoa da eta.

Hala, aipatutako kolektibo horietatik, ahalik eta kide gehien gure kausara gehitzea izango da lehen betekizunetako bat. Sentsibilizazio eta komunikazio atalean abiatzeko pista gehiago aurkituko dituzue.

Hasiera batean, beraz, talde eragilea eredu aldaketa bultzatzeaz, eragile guztien parte hartzea sustatzeaz eta eman beharreko urratsak koordinatzeaz arduratuko da.

Talde horretan, bada, prozesuan parte hartzen duen eta nahi duen edozein sar daiteke baina, aurreko esperientzietan oinarrituz, honako hau gomendatzen dugu:

  • Taldearen tamaina mugatzea. Taldea lau pertsonak osatzea izango litzateke egokiena; izan ere, horiek nahikoak dira lan kargak banatzeko baina ez dira gehiegi koordinazio on bat izateko.
  • Profil teknikoak Alde batetik, interesgarria da taldeko batek profil teknikoa izatea, hau da, agronomia arloko eta euskal nekazaritza sektoreari buruzko formakuntza eta ezagutzak izatea. Adibidez, proiektu pilotuetan rol hori landa garapenaren arloan lan egiten duten zenbait pertsonak betetzen dute, udalekoak zein tokiko taldeetakoak. Bestetik, profil profesional batzuk oso erabilgarriak izan daitezke diziplina anitzeko talde bat osatzeko; izan ere, horrelako talde batek egin beharreko lanei aurre egiteko prestakuntza handiago izango du. Hala, orain arte sortutako talde eragileetan aritutako pertsonen artean, ikastetxeko gurasoez gain, nutrizionistak, sukaldariak, baserritarrak, ekonomialariak edo pediatrak aurkitzen ditugu.

Gainera, kontuan hartu behar duzue talde eragilea ez dela gauza guztiez arduratuko eta ez dela betirako. Bere eginkizun nagusia hasierako momentua dinamizatzea da, lana koordinatzea eta prozesua bultzatzea, prozesuak berak bere kabuz funtzionatzeko erritmoa hartu arte. Hau da, behin jantokiaren eredua aldatuta, talde eragilea ez da izango jantokia kudeatuko duen organoa. Era berean, ez ditu aldaketa hori lortzeko beharrezkoak diren lan guztiak egingo; aitzitik, horretarako talde eragileak koordinatutako lantaldeak sortuko ditugu. Horixe da, hain zuzen ere, proiektu pilotuetan egin dutena, hau da, lantalde espezifikoak sortu dituzte ekintza zehatzak egiteko, adibidez, proiektuaren txostena egiteko, menuak diseinatzeko, edo pertsona eta kolektibo hornitzaileak aukeratzeko. Talde bakoitzean lan horretarako pertsona egokienak bilatu dituzte.

Gogora ezazue talde eragilea ofizialki sortzeko OOGaren oniritzia izan behar duela. Gero ere, OOGak talde eragilea ikuskatuko du. Hala ere, organo horretara jo baino lehen, egingo dituzuen ekintzetan guraso elkartearen babesa lortzea gomendatzen dizuegu. Izan ere,  jantokiaren eraldaketa bultzatzeko funtsezko eragile bat da hori. Guraso elkartearen babesa lortuz gero, errazagoa izango da OOGari zuen asmoak azaltzea eta horrek prozesua eta talde eragilea berrestea.

Kudeaketa-ereduaren aldaketa lana amaitutakoan edo horrekin batera, jantokiko batzordea sortzea eta sustatzea gomendatzen dizuegu, koordinazio figura gisa. Horretan, inplikatutako kolektibo guztiek parte hartu beharko lukete (irakasleek, jantokiko langileek, familiek, ikasleek -DBHko lehen ziklotik aurrerakoek soilik-, zuzendaritzak eta jantokiko arduradunak). Batzordean, jantokiarekin zerikusia duten gai guztiak adostuko dira eta, aldi berean, jantokian egindako lanak ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin bat egin dezan lan egingo da.

Parte hartzea dinamizatzeko eta elkarrekin lan egiteko pertsona guztiek proposatutako ereduaren abantailez kontzientziatuta egon beharko dute, baina, aldi berean, arrakasta izateko denbora luzea eta ardura, sormen eta maitasun handiagoa behar izango ditugula jakin beharko dute. Horretarako, hiru elementu hauek zaindu behar ditugu: helburuak, prozesuak eta pertsonak. Jarraian, horiek zertan dautzan azaldu eta horietako bakoitza lantzeko zenbait ideia emango dizuegu.

HELBURUAK ZAINDU

Hau da, argi izan behar dugu zerk batzen gaituen, zein den gure ikuspegi komuna eta zerk eraman gaituen kolektiboa osatzera eta taldean lan egitera.

  • Helburu espezifikoak. Taldearen helburuak argi zehaztu; zer lortu nahi dugu.
  • Plangintza. Helburuak lortzeko estrategia bat sortu.
  • Estrategia egin daitezkeen proposamen zehatzen bitartez martxan jarri. Horretarako proposamen horiek egutegiratu behar ditugu, hau da, horiek betetzeko epeak zehaztu behar ditugu. Era berean, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bideratu behar ditugu. Beraz, ekintza hori nork egingo duen eta materialik ala dirurik behar den zehaztu behar dugu, baita hori nondik lortuko dugun ere.
  • Gure lorpenek neurgarriak eta denboran zehaztuak izan behar dute. Horrela, horiek ebaluatu eta irakaspenak sortu ahal izango ditugu.

PROZESUAK ZAINDU

Jarduteko modu partekatua lortu behar dugu, mundu guztiaren gustukoa, ekitatiboa eta ardurakidea dena. Honako hauek dira adostu beharreko alderdi nagusietako batzuk:

  • Erabakiak hartzeko modua. Hartu behar diren erabaki motak (estrategikoak, operatiboak…) zehaztea, horietako bakoitzean nortzuk hartuko duten parte, non eta nola elkartuko diren, etab.
  • Barne komunikazioa. Zer komunikatu behar da eta nori; nork egingo du; zeintzuk izango dira komunikazio kanalak, maiztasuna, etab. Sentsibilizazio eta Komunikazio atalean horren inguruan zenbait pista dituzue.
  • Inplikazioa eta ardurak. Nola banatuko dira lanak eta nola dinamizatuko dira jarduerak, nola uztartuko dira gogo, ahalmen eta erritmo desberdinak, nortzuk izango dira alderdi bakoitzaren arduradunak, etab.
  • Koordinazioa. Lanak banatzeko eta hartutako erabakiak gauzatzeko beste lan batzuk ere egin behar ditugu, hala nola adostasuna lortu, adostutako erabakiak betearazi eta, zenbait kasutan, planteatuko dugun jarduera kolektiboa ebaluatu.
  • Emozioak eta gatazkak kudeatzea. Emozioak edonon daude, eta modu desberdinetan agertzen dira. Era berean, gatazkak izango dira, nahitaez; beraz, lanaren alderdi bat dira. Zentzu horretan, zer espazio emango diegun, nola interpretatuko ditugun eta nola egingo diegun aurre erabaki behar dugu.
  • Jarraipena eta ebaluazioa. Elkarrekin taldeak erabaki duen mailan (kognitiboa, operatiboa, estrategikoa, emozionala, etab.) balorazioak egiteko balioko duten adierazleak eta mekanismoak ezarri behar ditugu. Horren bitartez, prozesua elikatuko duten irakaspenak sortu nahi ditugu.
  • Ospakizuna eta aintzatespena. Ezinbestekoa da lortutakoa elkarrekin ospatzeko eta parte hartu duten pertsonen lana aintzat hartzeko momentuak eta espazioak izatea.

PERTSONAK ZAINDU

Pertsona bakoitzak gure misioaren zerbitzura jar ditzakeen gaitasun, ezagutza eta trebetasunak ditu. Era berean, pertsona bakoitzak premia, erritmo edo baldintza (pertsonalak, familiarrak edo lan arlokoak) desberdinak ditu. Horiek, beraz, eragina izango dute pertsona horien parte hartzean. Horregatik, honako alderdi hauek landu beharko ditugu:

  • Lan metodologiak. Hauetarako balio duten metodologiak erabiliko ditugu:
    • Taldeko pertsonak eta sortzen diren harremanak zaintzeko momentuak txertatzeko.
    • Guztion hitza berdintasunez entzuna izateko.
    • Momentu guztietan bakoitzaren eta taldearen beharrak kontuan hartuak izateko.
    • Errespetuan eta elkarrekiko konfiantzan oinarritutako harreman ekitatiboak sustatzeko.
    • Emozioak eta frustrazioa aintzat hartzeko eta, behar denean, esku hartzeko.
    • Adostasuna eta erabakiak elkarrekin hartzea sustatzeko.
    • Informazioa eskuratzea errazteko, behar desberdinetara moldatzen diren komunikazio kanalak eta formakuntza espazioak erabiliz.
  • Bizitza pertsonala, familiarra eta lana kontziliatzeko neurriak.
    • Malgutasuna: denbora guztian, arduraldia bakoitzaren egoerara moldatzeko, lan espazioetan haurrekin parte hartu ahal izateko, berandu heltzeko edo lehenago joateko, etab.
    • Behar desberdinetara egokitzen diren komunikazio kanalak ezartzea.
    • Jarduerak, batzarrak eta erabakitzeko espazioak denbora nahikoarekin komunikatzea, jendeak bere bizitzaren alderdi eta ardura desberdinak antolatzeko aukera izan dezan.
    • Ordutegiak eta parte hartzeko espazioak adostea, lan eta familia ardura desberdinetara egokituz eta kasu jakin batzuetan alternatibak eskainiz (esaterako, bertan izan beharrean bideokonferentzia bitartez parte hartu ahal izatea).

Gai horietan sakondu nahi baduzu, hona hemen zenbait baliabide: